XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izan ere, suposatu nuen, bereziki, mundu horren baitan ez zegokeela eskoletan eztabaidagai diren forma edo nolakotasunetatik batere ez, eta, oro har, bertan zegokeen guztiaren ezagupena arimari berezkoa izango litzaiokeela, ezer egongo ez zelarik ezjakintzat jo zitekeena.

Gainera, naturaren legeak zeintzuk ziren ikustarazi nuen eta (nire arrazoiak Jainkoaren amaigabeko perfekzioetan bermaturik, eta ez beste inolako hastapenetan) saiatu nintzen frogatzen zalantzagarriak izan zitezkeen guztiak, eta saiatu nintzen ikustarazten lege horiek, Jainkoak anitz mundu sortu arren, mundu horietan guztietan ezinbestean bete beharko ziratekeela.

Honen ondoren, erakutsi nuen anabasa honetako materiaren gehiengoa kokatu eta taxutu behar zela lege horien arabera, gure zeruen antzekoa bihurtuko litzatekeen modura; eta erakutsi nuen gainera beraren zatiren batzuek lurra osatu behar zutela, eta beste batzuek planetak eta beste batzuek izar finkoak.

Eta hemen argiari buruzko gaiaz luze jardun nuen, eta ondo astiro azaldu nuen zein zen eguzkian eta izarretan aurkitu behar zena, eta nola zeharkatzen zituen une batean zeruetako neurrigabeko espazioak eta nola planetetatik eta kometetatik lurrerantz isladatzen zen.

Gainera, zeru eta astro horien substantziari, kokapenari, mugimenduei eta nolakotasun ezberdinei buruz zenbait gauza gaineratu nuen, pentsatzen nuelarik horrela nahikoa esango nuela jakinarazteko mundu honetako gauzetan sumatuko zen guztiak nik deskribatzen nuen munduko gauza horien guztiz antzekoa eman beharko lukeela, edo gutxienez horien antzekoa eman ahal izango lukeela.

Hortik bereziki lurrari buruz hitz egitera pasa nintzen, eta azaldu nuen bere zati guztiek etengabe bere erdipunturantz jotzen zutela, nahiz eta suposatu nuen, espresuki, Jainkoak ez zuela inolako astuntasunik ipini bera osatzen duen materian.